Urdaibaiko oinezko ibilbideak
Paduren artean ibiltzea, itsasadarra eta mendiak begi bistan dituzula.
Urdaibairen edertasunaz gozatzeko modu onenetako bat, Euskal Herrian bakarra den Biosfera Erreserba honek eskaintzen dizkigun bidexkak oinez zeharkatzea da.
Bidezidor gehienak zirkularrak eta ibiltzeko errazak dira. Gainera, informazio-panelak dituzte hasierako puntuetan, baita gidak eta track-ak deskargatzeko aukera ere.
Informazio gehiago
Pasa zaitez hurbilen duzun edozein turismo-bulegotik Urdaibaiko mendi-ibilien liburuxka lortzeko edo track-ak jaisteko.
Oinezko ibilbideak Gernika-Lumotik
PR-BI-181 bidezidor zirkularra
Ibilbidea
Hiribilduaren erdialdetik abiatuta, galtzada zaharretik igoko gara Kosnoagarantz jarraitzeko. Kosnoagaren gailurrean, iraganean, Burdin Aroko kastroa egon zen.
Jarraitu bidean Armotxerri auzorantz, San Kristobal ermita eta Urdaibai Dorrea dauden tokiraino. Ibilbidea Forua herrian bukatuko duzu.
Forua herri erromatarretik igaro ondoren, bidexka goiko estuarioko pasabideetara jaisten da, eta han Oka ibaiaren ertzetan hazten diren ihitokiak gurutzatuko ditugu.
Ibaiaren gaineko zubia zeharkatu eta Barrutia auzorantz abiatuko gara.
Larre eta baserri artean, ibilbideak Barrutiabaso ingurua zeharkatzen du Barrutia auzora iristeko, eta handik Gernika-Lumora itzuliko gara Oka ibaiaren eskuinaldetik.
Informazioa
Km: 12,5
Desnibela: 260m
Iraupena: 3 ordu 30 min
Ibilbidea Bird Centerreraino itsasadarretik
Ibilbidea
Bidea Gernika-Lumoko Errenteriako zubian hasten da, eta bertan Kortezubi (3,7 km) adierazten duen egurrezko panel bat ikusiko duzu. Oka ibaiaren paraleloan doan bidezidor honek Kortezubiko elizaraino eramango zaitu, baina, nahi baduzu, ibilbidea apur bat luzatu dezakezu Urdaibai Bird Centerreraino. Bueltan, Oka ibaiaren bi ertzak lotzen dituen egurrezko pasabidea zeharkatu eta Gernika-Lumora itzuliko zara itsasadarrak albo banatan dituen pasealeku batean zehar.
Informazioa
Km: 10 (joan-etorria)
Desnibela: 50m
Iraupena: 2 ordu eta 30 min
Gr 38 Ardoaren eta Arrainaren Ibilbidea: Gernika-Lumo - Bermeo
Ibilbidea
Gernika-Lumotik, Foruko San Kristobal auzorantz doan bide zaharraren trazadurari jarraitzen dio ibilbideak. Bertan, izen bereko ermita eta Urdaibai dorrea altxatzen dira. Harrobiraino jaitsiko gara, gero Upeta ibaiaren paraleloan doan bidea hartuko dugu, Axbiribil muturra ezkerretik inguratuz. Bidezidorra Karabizurieta auzo-errepidera iristen da. Auzo hori zeharkatu eta Forua eta Altamira lotzen zituen bide zaharra hartuko dugu. Beherakoan, estuarioaren ikuspegi ikusgarriaz gozatuko dugu, ohituta gaudenaz bestelako zerbait, izan ere. Ondoren, Busturia izango dugu ikusgai, hemengo auzoak, padurak eta Axpe haitza.
Ibilbidea Altamiraraino jaisten da eta, auzoa zeharkatu ondoren, Mape ibaiaren ertzetik jarraitzen du Busturiako Goierri aldera igotzeko. Bidean, Sorbituagako menhirra ikusi ahal izango dugu, harribitxi megalitikoa. Urkiobetik GRa Katillotxu mendira igotzen da, bide megalitikotik, eta ondoren Bermeora jaisten da, Demiku landa-auzotik igaroz.
Informazioa
Km: 19,2 (joanekoa)
Desnibela: 330m
Iraupena: 5 ordu eta 30 min
Done Jakue Bidea: Gernika-Lumo - Bilbo etapa
Ibilbidea
Udaletxeko plazatik abiatuta eta Andra Maria elizaren ondotik igaro ondoren, Gernikako Batzar Etxerantz eta Arbolarantz abiatuko gara, euskal askatasunen sinboloa. Herrigunetik irtengo gara Santa Luzia baselizaren ondotik, Bilikario mendiaren igoerari aurre eginez. Ondoren, baserri batzuen artetik jarraituko dugu, eta errepide baten azpitik pasatuz gero, beste bat zeharkatu eta Gerekiz gainera iritsiko gara.
San Esteban zinpeko baselizaren ondoan kokaturik, merezi du bertako hormetan txertatutako hilarri erromatar bitxiei erreparatzea. Goikoelexalderanzko jaitsieran, zenbait baserrik zedarritutako auzo bideetatik eta baso-pistetatik jarraituko diegu seinaleei.
Informazioa
Km: 29,8km (joanekoa)
Desnibela: 897m
Iraupena: 8 ordu
Atseden hartu eta San Emeterio eta San Zeledonio zinpeko elizen ondoan freskatu ondoren, Larrabetzuko Erdi Aroko hiribildurantz abiatuko gara espaloitik.
Herriko plazan eskuinerantz joko dugu hirigunetik ateratzeko. Lehendabizi espaloitik jarraituko dugu, eta gero errepidearen bazterbide estutik kontu handiz ibiliko gara Lezamarako noranzkoan.
Udalerriaren erdigunea zeharkatu eta aurrera jarraituko dugu beti. Ezkerretara Andra Maria eliza ikusiko dugu eta Zamudiora iritsi aurretik, Kristo Santuaren basaelizaren ondotik igaroko gara.
Hirigunea atzean utzita, ezkerrera egingo dugu San Martin elizaren aurrean, eta industrialde txiki bat zeharkatu eta autobiaren gainetik igaro ondoren, gorantz jarraituko dugu, arretaz gurutzatuko dugun errepidera iritsi arte. Gero, arreta jarriz gero, gure boten azpian ageri diren galtzada zahar baten hondar urriak ikusiko ditugu.
Bilboko panoramikaz gainetatik gozatu ondoren, Iturritxualdeko atsedenlekua zeharkatu eta aparkalekuan ezkerrera jarraituko dugu Begoñako Ama Birjinaren Basilikarantz, Bilboko eta Bizkaiko zaindaria dena. Mallonako galtzadetatik Bilboko Alde Zaharreko Santiago Katedralera iritsiko gara.
Etapa guztiei buruzko informazio gehiago
Gipuzkoako kostaldea zeharkatzen duen Kostaldeko Bidea, Bizkaiko mendebaldeko mugetan sartzeko, Compostelarako erromesaldi ibilbide antzinakoetako bat da.
Gr 38 Ardoaren eta Arrainaren Ibilbidea
Oiongo mahastien lurretatik Bermeoko porturaino, GR 38ak EAE hegoaldetik iparraldera zeharkatzea ahalbidetzen du