Bilatu sarean

Gernika-Lumoko bonbardaketa

Hiribildua 1937ko apirilaren 26an bonbardatu zuten

Erasoak, funtsean, bi helburu zituen: bonbardaketaren bidez beldurra zabaltzea eta gerrako esperimentu bat egitea” 

Xabier Irujo. Nevadako Unibertsitateko Euskal Ikasketen Zentroko zuzendaria

Nork bonbardatu zuen Gernika-Lumo, eta zergatik?

Gernika-Lumo izan zen bonbardaketa jasan zuen lehen herria:

  1. Eskala handiko esperimentu militarra egin zuten, bonben erabilera masiboaren bidez (31 eta 41 tona bonba artean jaurti zituzten).
  2. Bigarren Mundu Gerran Europako beste leku batzuetan eraso-plan bera erabiliko zuten.

Bonbardaketa hau proba eremu ezin hobea izan zen sortu berria zuten Luftwaffe alemaniar aireko indarrarentzat. Ustezko helburu ofiziala, Errenteriako zubi txikia suntsitzea zen, euskal tropen Bilborako erretiratzea gelditzeko. Hala ere, erasoaren neurriz kanpoko indarrak adierazten digu tropak desmoralizatzeko, biztanleria zibila adoregabetzeko eta, horrela, Iparraldeko Frontearen balizko erorketa azkartzeko modurik onenetako bat ere izan zela.

Zenbat iraun zuen bonbardaketak? Eraso-plana

1937ko apirilaren 26a astelehena zen, merkatu eguna. Egun horretarako, nolabaiteko urduritasuna arnasten zen zonaldean, batez ere ondoko Durango hiriaren bonbardaketaren ondorioz, hiritik 30 km ingurura. Hala eta guztiz ere, merkatua ohi bezala egin zuten, eta, guztira, garai hartan Gernika-Lumon egongo zen pertsona-kopurua, zehaztea oso zaila bazen ere, 10.000 – 12.000 pertsona ingurukoa zen.

Egun horretako 16: 20an, Andra Maria elizako kanpaiek etsaien hegazkinen etorreraren berri eman zieten herritarrei. Hegazkin horietako gehienak Alemaniako “Condor Legioarenak” ziren, eta, neurri txikiagoan, Italiako “Aviazione Legionariarenak”. Bonbardaketarako hiru aeródromo erabili zituzten abiapuntu gisara: Gasteiz, Burgos eta Soria. Abisua jaso ondoren, gernikarrak korrika joan ziren eraikitako babeslekuetara, eta ia lau orduz egon ziren han bonbardaketa amaitu zen arte. Etengabeko erasoa izan zen, ia tarterik gabe erasoaldi batetik bestera, eta taktika hau erabiliz planifikatu zen:

  1. • Lehenik, bonbaketariak eta ehiza-hegazkin batzuk erabili zituzte herritarrak ohartarazteko eta hiribilduaren erdialdean dauden babeslekuetan sartzera behartzeko. Ondoren, ehiza-hegazkinek zirkuluan hegan egin zuten, herrigunetik inork ihes egin ez zezan.
  2. • Jaurtitako lehen bonbak 50 eta 250 kg arteko bonba apurtzaileak izan ziren, eraikinak suntsitzeko. Bonbek teilatuak hausten zituzten eta lurrera erortzean krater izugarriak eratzen zituzten. Horrela, garai hartako etxeen zurezko egitura eta elementu guztiak agerian uzten zituzten.
  3. • Jarraian, bonba su-eragileak jaurti zituzten. Bonba horiek 1 eta 2 kg arteko pisua zuten, altzairuz eginak zeuden eta magnesio, aluminio eta zink aleazio bat zuten, beste metal batzuekin kontaktuan jartzean erreakzionatu eta su kontrolaezina eta 1.500 gradu zentigradu baino gehiagoko tenperaturak eragiten zutenn. Ondorioz, sute handia piztu zen Gernika-Lumon, eta handik kilometro askotara dauden herrietatik ikusi ahal izan zen.
  4. • Azkenik, hirigunetik ihes egiten saiatzen ziren bizirik atera zirenak metrailatu egin zituzten 50 metro baino gutxiagoko altuera zuten ehiza-hegazkinek. Gernika-Lumoko sarbideetan jarduten zuten, zirkuluetan hegan eginez, herritarrak suzko perimetroaren barruan mantentzeko. Gernika-Lumoko erdigunean kale oso estuak eta elkarren artean lotutako etxeak zeuden, eta horrek sua zabaltzea erraztu zuen.

Suntsitutako azalera

Suntsitutako Eskualdeen Zerbitzu Nazionalaren txostenaren arabera – Diktadurako erakunde bat da, gerran eragindako kalte materialak eta ondorengo berreraikitze-lanak ebaluatzen zituena, eraikinen % 85,22 ( 271 guztira) erabat suntsitu zituzten, eta gainerakoak partzialki kaltetu.

Biktima kopurua

Euskadiko Gobernuak 1.654 hildako erregistratu zituen.

Jose Labauria Gernika-Lumoko alkateak adierazi zuen mila pertsona baino gehiago hil zituztela Gernika-Lumon, horien artean, 450 Andre Maria kaleko aterpean.

Eusebio Arronategi apaiza Gernika-Lumon egon zen bonbardaketan eta ondorengo egunetan gorpuak erreskatatu eta identifikatzeko lanetan, eta adierazi zuen «milaka herrikide itota, hilda eta zaurituta» ikusi zituela.

38 lekukok, Gernika-Lumora joan ziren nazioarteko erreportari guztiak barne, bat egin zuten zifra horiekin.

Baina hildakoen kopuru osoa ezagutzea zaila da, 60.000 m3 hondakin baino gehiago ez baitziren hiriaren erdigunetik kenduko 1941. urtearen amaierara arte. Erregimen frankistak ez zuen hildakorik jaso garai hartan, eta euskal agintariek egindako erregistroak ezabatzen saiatu zen, biktimen memoria ere ezabatuz. Hala ere, biktimen zenbaketaren eta identifikazioaren inguruko ikerketa-lanek jarraitzen dute gaur egun ere.

Interesgarria ere izan dakizuke

Informazio gehiago

Babesleku antiaereoak

Altxamendu militarraren ondoren, 1936ko uztailaren 22an, lau egun besterik ez ziren izan euskal lurretako lehen bonbardaketa: Otxandioko bonbardaketa.

Informazio gehiago

Bonbardaketaren Ibilbidea

Bonbardaketaren Ibilbidea ibilbide interaktibo autogidatua da, Gernika-Lumoko erdiguneko hainbat lekutan kokatutako 11 panelek osatzen dutena.