Bilatu sarean

Urriko Lehen eta Azken Astelehenak Gernika-Lumon

Esaera zahar batek dioen bezala, Gernika-Lumon astelehena gozatzeko eguna da:

“LUNES GERNIKES, KOLPERIK EZ”​

Gernika-Lumok 650 urte baino gehiagoko historia duen Euskal Herriko merkatu tradizional bakanetako bat du, Gernika hiribildu gisa sortu zenean hasi zena. Sorrerako Herri Gutunak 1366. urtean astero azoka bat egiteko pribilegioa eman zioten Gernikari.

Gaur egun, astelehenero biltzen dira Gernika-Lumoko merkatuan Busturialde osoko nekazaritza produktuen erosleak eta saltzaileak. Astelehenero giro koloretsu eta alaia arnasten da, orain dela gutxi arte Jai-Alai Frontoiko zesta partidekin amaitzen zena. Zestaren profesional askok esana dute frontoi hau munduko onena dela.

Urriko Lehen Astelehena: abere azoka

Pirinioetako arrazako Euskal Herriko txapelketa

Pirinioetako arrazako Euskal Herriko lehiaketa “Gernika-Lumoko Urriko Lehen Asteleheneko” abere feriaren barruan egiten da. 100 ale baino gehiago biltzen ditu lehiaketak, hainbat kategoriatan banatuta.

Gernika-Lumo, bi egunetan zehar, lehen sektoreko erreferentzia-puntuetako bat da, eta euskal ustiategietan gero eta pisu handiagoa duen haragia ekoiztera bideratutako arraza baten erakusleiho, esne-aziendaren kaltetan.

Programa igandean hasi ohi da lehiaketa banatuta dagoen bederatzi ataletan alerik onenak aukeratuz. Bi adituk, besteak beste, abelburuen ezaugarri morfologikoak baloratzen dituzte eta hiru onenak izendatzen dituzte.

Astelehenean, lehiaketaren arduradunek lehen sailkatuen artean behi eta zezen onena, intseminazio osoko emea eta abeltzaintzarik onena izendatzen dituzte.

Azokak ere badu bi egunetan, kalitatezko labela duen arraza honetako haragi-dastaketa egiteko aukera.

Bertaratzen direnek, gainera, sagardoa, txakolina, ogia, euskal pastela, gazta eta artisautza erosi ahal izango dituzte, ganadua hartzen duen karpa erraldoiaren inguruko postuetan.

Urriko Azken Astelehena: nekazaritza azoka

Urteko nekazaritza azokarik garrantzitsuenetako bat Euskal Herrian

Urriko Azken Astelehena euskal merkatu tradizionala da, hirigune osora zabaltzen dena eta urtero milaka pertsona biltzen dituena, salgai dauden produktuen kalitateak ez ezik, jai giroak ere erakarrita. Ekoizleek beren generoa erdialdeko kaleetan banatzen dute, adibidez: Artekalea, Industria, Juan Calzada, San Juan. Guztira, 900 postu inguru daude egun horretan, astelehenetako merkatuko postu finkoak eta postu ibiltariak kopuru horretan sartzen baditugu. 

Zer eros dezaket Gernika-Lumoko Azken Astelehenean?

Azokaren jarduera erakargarrienetako bat gazta, Bizkaiko txakolina, eztia, loreak, frutak eta barazkien lehiaketa eta erakusketa da. Epaimahaiak goizean goiz sailkatzen ditu generoak, eta, ordutik aurrera, erakusketariek beren produktuak saldu ahal izango dituzte. Sari-banaketa “Merkurioaren Iturria” ezagunaren aurrean egin ohi da, eguerdi aldera. Ondoren, gazta irabazlearen erdiaren enkantea egingo da. Enkante hau ongintzarako egiten da, eta oso ezaguna da, milaka euroko eskaintzak lortzen baitira.

Egun horretan zehar beste produktu asko saltzen dira, hala nola sagardoa, ogia, gozokiak, erroskillak, barazkiak, patea, kontserbak, kalitatezko Eusko Labela duten produktuak, nekazaritza ekologikoko elikagaiak…

Era berean, bertaratzen direnek euskal artisautzako produktuak egiteko prozesua eta nekazaritzako makinen erakusketa ikus ditzakete. Bertsolariek eta kalejirak alaitzen dute eguna. Kirol jarduerak ere izango dira, hala nola zesta-punta eta esku-pilota partidak. Giro ona eta festa ez dira gaueko ordu txikiak arte amaitzen.

Urriko Azken Astelehenaz gozatzeko gida

  • Goiz etorri eta, ahal bada, garraio publikoan. Autoz etorriz gero, pazientzia izan eta aparkatzeko leku urrun bat bilatu.
  • Ekarri oinetako erosoak, ziur asko ibiliko zara postu guztiak ikusi ahal izateko, proba desberdinak egiteko, eta gainera, jaia gauera arte luzatzen da.
  • Gosea eta gauza tipikoak dastatzeko gogoa ekartzea, hala nola taloa txorizoarekin edo odolkiarekin eta Idiazabal gaztako pintxoak, hau guztia txakolin on batekin lagunduta, edo sagardo botila batekin. Ez geratu postrerik gabe: goza ezazu aho-sabaia euskal pastel zati batekin edo antzekoarekin.

Ez aukera eder hau galdu

Informazio gehiago

Gernika-Lumoko azoka

Euskal Herriko merkatu tradizional bakanetako bat. Merkatu berri hau 1991. urtean inauguratu zuten eta gaur egun arte jarraitzen du dagokion lana egiten.